XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

30. artikulua.- Mendiak erosteko Baso Administrazioak duen lehentasuna

Herri onurako mendiekin muga egiten duten enklabatuak edo finkak edo 250 hektareatik gorako luze-zabalera duten mendiak saltzeko proiektu guztiak Baso Administrazioari jakinarazi behar zaizkio, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek tanteo eskubidea erabili ahal izan dezaten, eragotzi gabe Kode Zibileko 1.523 artikuluan aipatzen den atzera eskuratzeko eskubidea ere erabil ahal izan dezaten.

Eginbehar hori saltzaileak du, eta horrek ezean erosleak.

Ez batek ez besteak betetzen ez dutenean Foru Aldundiak eroslea ordeztu ahal izango du, erosketa prezio berean baina finkak izandako kalteen eta galeren halakorik bada zenbatekoa kenduta, eta horrek ez eragotziko saltzaileak, lehenengo obligaziodun legez, duen erantzukizun zibila.

31. artikulua.- Mendiak Jabetza Erroldan sartzea

1.- Herri mendi guztiak, Katalogoan sartuta daudenak nahiz ez daudenak, Jabetza Erroldan sartu behar dira, indarrean dagoen legeriaren arabera.

2.- Orobat Erroldan sartu beharko dira gaia herri mendi bat duten egintza eta kontratu erroldaragarri guztiak, hala nola mugaketak, kontzesioak, okupazioak, zortasunak eta abar.

HIRUGARREN ATALA

MUGAKETA EGITEA ETA MUGARRIAK JARTZEA

32. artikulua.- Mugaketa egiteko ekimena

1.- Foru Aldundiaren eskumena da administrazio bidean Katalogoko mendien mugaketa egitea eta horrekin zerikusia duten gaiak erabakitzea.

2.- Mendien herri erakunde titularrek eskatuz gero, Katalogoan ez dauden herri mendien mugaketa ere egin ahal izango du Foru Aldundiak.

33. artikulua.- Mugaketa egiteko txostenaren edukia

Mugaketari buruzko erabaki guztien aurretik, mugaketa zuritzen duen txostena egingo da.

Txosten horretan zehaztuko dira mendiaren deskribapen orokorra, mugak, enklabeak, mugakideak, perimetroak eta azalerak, bai eta titulartasunei eta gozamenei buruzko datuak ere.

34. artikulua.- Mendia mugatzeko egoeran sartzea

1.- Mendi jakin bat mugatzeko egoeran sartutzat jotzea Foru Aldundiari dagokio, bere edo jabeen ekimenez.

2.- Mendia mugatzekotzat jotzen duen erabakian, afektatutako eremu mugakideak eta, mugatzeko prozedurak dirauen bitartean, ustiaketetan jarri beharreko murrizketak zehaztuko ditu Foru Aldundiak.